XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

-Gaueko haize honetan lo egitea da esan zuen jakituriaz Pablok.

-Zure birika horiek ezingo dute eraman.

Pablok hosto zabaletan bildu zuen ardo botila, halako eran disimulatuz non jakinminak lehertuko baitzen ondotik pasatzen zena, hostoetan zegoen hura zer ote zen konturatu arte.

Jesus Maria aldamenean zuela abiatu zen Pilon, eta tarteka ukitu arinak egiten zizkion sorbaldan, ez zela gizon osasuntsua gogoraraztearren.

Etxera eraman eta ohaxka batean etzan zuten, eta, eguna beroa izanik ere, tapaki lodi zahar batez estali zuten.

Hunkigarri mintzatu zen Pablo tuberkulosiak jota oinazeak eta sufrimenduak pairatzen dituztenez.

Eta gero Pilonek gozotasunaren aldera eraman zuen ahotsa.

Errespetuz hitz egin zuen etxe txiki batean bizitzeak dakarren pozaz: Gauak aurrera egiten duenean, joanak direnean berriketak eta ardoak oro, eta kanpoan, izain erraldoien mamuak bailiran, heriozko lainoek lurrari heltzen diotenean, ordu horretan, inor ez da ateratzen amildegi baten hezetasun gaiztoan etzatera.

Ez, ohera joaten da bat, ohe gozo, biguin, bero batera, eta haurtxo batek bezala lo egiten du.

Puntu horretan loak hartu zuen Jesus Maria.

Pilon eta Pablok esnatu egin behar izan zuten eta edaten eman.

Eta orduko hartan Pilon mintzatu zen berriz ere, bihotz-erdiragarri, habia epelean eguzkiak baliorik izateko adinako altura hartzen duen garaia arte emandako goizez.

Ez baitago zertan dardarka ibili egunsentian, eskuak, ez izozteko, elkarren kontra joka.

Azkenean heldu zioten Pilon eta Pablok Jesus Mariaren bihotzari, bi zakur zelatarik beren harrapakinari isilka heltzen dioten bezala.

Etxearen erabilera alokatu zioten Jesus Mariari, hileko bost dolarretan.